Lortutako emaitzen eta horiek elikagaien xahuketa murriztean duten eraginaren balorazioa.

Truke-saioaren helburua izan da parte hartu duten 20 ikastetxetako kudeatzaileen balorazioa jasotzea, Europako GUSTOS proiektuaren barruan Espigoladors Fundazioak koordinatutako hezkuntzaren arloko esku-hartzeei eta GOe Tech Center erakundeak koordinatutako gastronomiaren arloko esku-hartzeei buruzkoa. Halaber, prozesua erraztu duten elementuak eta izandako oztopo nagusiak identifikatu dira, baita etorkizunari begira egin litezkeen jarduketetarako gomendioak bildu ere.

Oro har, gastronomiaren eta hezkuntzaren arloko esku-hartzeen balorazioa positiboa izan da, eta elikagaien xahuketa murriztean emaitza ona lortu da. Saioan honako hauek nabarmendu dira: sukaldarien inplikazio handia, esku-hartzeak xahututako elikagaiak murrizten izan duen eragina eta esku-hartzeek xahuketa murriztu beharrari buruzko hausnarketa egitean eta horri buruz kontzientziatzean izan dituzten ondorioak.

Hezkuntzaren arloko esku-hartzeen kasuan, aldi berean neurketak eta jolas pedagogikoak egitearen balioa azpimarratu da, hala ikasleen nahiz inplikatutako helduen kontzientziazio handiagoa sustatzen baita. Halaber, familien parte-hartzea indartzeak duen garrantzia nabarmendu da, ikastetxean eta familia-ingurunean transmititutako mezuen arteko koherentzia handiagoa sustatzeko. Saioan identifikatu zenez, eragin eta inplikazio-mailarik handienak ekarri dituzten elementuak proiektuan zehar egindako partaidetzazko dinamikak dira.

Nabarmentzekoa da denbora eta baliabideen muga oztopo garrantzitsua izan dela bai hezkuntza-taldeentzat, bai esku-hartzeak ezartzeaz arduratu diren profesionalentzat.

Gastronomiaren arloko esku-hartzeen kasuan, ondorioztatu denaren arabera, etorkizuneko esku-hartzeetan komenigarria izango litzateke prozedura sinpleagoak eta estandarizatuagoak aplikatzea, bai eta familien inplikazioa ere indartzea, menuetan iraungo duten aldaketak sortzeko.

GUSTOS proiektuari buruzko informazio gehiago lortzeko, idatzi gustos@ausolan.com helbidera.